E immunoglobulina (Ig E) odolean eta linfan dagoen immunoglobulina da, alergia prozesuekin zerikusi handia duena. Antigorputz honen odol-kontzentrazioa handia da parasitosi bat duten gaixoengan ere.
Egoera normalean kopuru oso txikian dago odol-plasman (bost immunoglobulinen artean bera da urriena): 0,00005mg/ml.
Bere pisu molekularra 180.000 Daltonekoa da. Mastozitoen gainazalean dago, histamina askatzen duten immunitate-sistemaren zelulen azalean, alegia. Alergia prozesuetan alergenoak E immunoglobulinei atxikitzen dira, eta hauek mastozitoen gain jarduten dute, histamina askatuz eta alergiaren ohiko sintomak agertuz [1]
Ig E molekula monomeroa da eta antigorputzetan ohikoa denez lau polipeptido katez osatua dago. Ez du konplementu sistema aktibatzen, eta bere erdibizitza laburra da, 1-5 egunetakoa.
Immunoglobulina hau oso eraginkorra da helminto bezalako bizkarroien aurka, mikrobioak baino handiagoak direnak (bizkarroi horiek ez dira suntsitzen ohiko fagozitosien bidez, handiegiak direlako) [2]